8. Arartekoaren gomendioak
Egoeraren analisia egin eta dagozkion ondorioak atera ondoren, kapitulu honetan, antzemandako arazoei konponbidea aurkitzeko eta ase ez diren beharrei erantzuteko proposatutako gomendioak jaso dira.
Aldez aurretikoa. Autonomia pertsonala sustatzera eta menpekotasun-egoeraren arretara zuzenduta dagoen edozein politikaren trazadurak kontuan hartu beharko du menpekotasunaren fenomenoak emakumeengan eta adineko pertsonengan duen eragin handia.
Esan bezala, EAEn menpekotasun-egoeran dauden pertsonen %64 inguru emakumezkoak dira. Menpekotasun-egoera onartuen %80 65 urtetik gorako pertsonei dagozkie. Menpekotasun-egoeran dagoen pertsonaren zaindaria senide bat denean, kasuen %80 baino gehiagotan zaindaria emakumezkoa da eta 52 urte inguru ditu batez beste (%20 baino gehiagok dute 60 urtetik gora).
Politika publikoak prestatzerakoan ezin da ahaztu errealitate hori, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko apustu sendoa egiteko.
1. Informazio-sistema integratu bat sortzea bultzatzea
Txostenean behin eta berriz aipatu ditugu menpekotasunaren arretaren eta autonomia pertsonalaren sustapenaren arloan analisi kuantitatibo fidagarri bat egin nahi izan dugunean aurkitu ditugun arazoak: ez dagoela datuak jaso eta kudeatzeko sistema integraturik, irizpide desberdinak aplikatzen direla eskatutako datuak interpretatzeko, administrazioentzat materialki ezinezkoa izan dela eskatu dizkiegun datu batzuk eskaintzea, horien sistematizazioagatik edo sistema informatikoekin lotutako arazoengatik, etab.
1.1. Arlo honetan esku hartzen duten administrazio guztien parte-hartzea barne hartzen duen informazio-sistema integratu bat sortu beharko litzateke.
1.2. Badirudi gomendagarria dela Eusko Jaurlaritzak IMSERSOra bidaltzen dituen datuetan berrikuspena barne hartzea, bai banakako arreta planari (BAP) dagokionez, bai onartutako gradu eta mailei dagokienez; bereziki, kontuan hartuz aldaketa horien bidez zerbitzu edo prestazio bihur daitezkeela, baita kopuruaren aldaketa –prestazio ekonomikoen kasuan–, etab. ere.
1.3. Beharrezkoa da informazio bateratua, ulergarria eta herritar guztientzat eskuragarria eskaintzen duten bideak sortzea.
2. Lurraldeen artean dauden desorekak gainditzea bermatzea
Txosten honetako 7.5. atalean azaldu dugun bezala, lurraldeen artean desberdintasunak daude autonomia pertsonalari eta menpekotasunari buruzko araudiaren garapenean, aplikazioan eta interpretazioan, eta baliteke horrek euskal herritarrek beren eskubideak berdintasunez gozatzearen gainean eraginak izatea. Hori dela eta, komenigarria izango litzateke distortsio horiek ekiditeko bide egokiak lantzea.
Zentzu horretan:
2.1. Gizarte Zerbitzuen Erakunde-arteko Organoa[93] euskal herri-administrazioen artean erakunde-arteko lankidetza eta koordinazioa artikulatzeaz arduratzen da, Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Sistema bateratuta bermatzeko eta lurralde autonomiko osoan prestazioak eta zerbitzuak modu koherente eta harmonikoan gara daitezen; eta horretarako, bere ekintzak helburua erdiestera bideratu beharko ditu, kasuan kasuko administrazioen parte-hartzea eta inplikazioarekin.
2.2. Gizarte-zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzak Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeko 2. artikuluak aldarrikatzen duen eskubide subjektiboa benetan gauzatzeko eskubidea bermatzeko eskumena du, eta haren jarduera gizarte-zerbitzuen sistemak behar bezala eta modu orekatuan funtzionatzen duela egiaztatzeko egingo du lan, haren dekretu arauemaileko 4.2. artikuluan xedatzen den bezala[94].
2.3. Beharrezkoa izango da Gizarte Zerbitzuen Legearen garapenak EAEn oro har lortzea komeni den arreta-maila ezartzeko, gizarte zerbitzuak eta prestazioak berdintasunez eskuratzen direla bermatzeko, haien estaldurarako eta kalitate-mailarako, eta prezio publikoen arloko irizpide bakarrak ezartzeko ematen duen aukera aprobetxatzea. Azken finean, garapenak gizarte-zerbitzuen arloan oreka bermatu behar du lurraldean, baliabideak berdintasunez banatzeko eta zerbitzuak eta prestazioak berdintasunezko irizpideen arabera eskuratzeko.
3. Administrazioetan erakunde-arteko koordinazio egokia erraztea
Oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eta espezializatuetan nahiz horien eta autonomia erkidegoko administrazioaren artean erregistratu diren koordinazio-arazoak direla eta, beharrezkoa da esparru sozialean koordinazioa hobetzea menpekotasunaren babesa eta autonomia pertsonalaren sustapenaren arloko administrazioen artean. Horretarako, informazioa eskuratzeko sistema partekatuak sortu behar dira[95] –datuen babesaren arloko araudia betetzen duten sistemak–; eskuragarri dauden zerbitzuei buruzko informazio fidagarria eskaintzen duten mekanismoak ezarri behar dira; akordioak edo hitzarmenak sinatu behar dira; beharrezkoak diren baliabideak eskualdatu behar dira eta lan integratua gauzatu behar da.
4. Sistema sozialaren eta sanitarioaren arteko koordinazioa bultzatzea, baita esparru sozio-sanitarioa garatzea ere
Sistema sozialaren eta sanitarioaren arteko koordinazioa eta esparru sozio-sanitarioa delakoaren garapena ezinbestekoak dira menpekotasunari eta autonomia pertsonalaren sustapenari behar bezalako arreta eskaintzeko. Laguntza-maila desberdinen artean arreta integrala, jarraitua eta koordinatua bermatzea da helburua, eta, horretarako, arretaren egiturak menpekotasun-egoeran dauden pertsonen beharretara egokitu behar dira.
Zehazki, nahitaezkoa da:
4.1. Pertsonaren osasun-egoera osoki ezagutzea bermatzea haren menpekotasuna behar bezala baloratzeko, eta sistema sozialak osasunaren arloko informazioa eskuratzeko prozesua arintzea.
4.2. Erantzun ezin hobea ematea osasun-sistemak emandako jarraibidea koherentea izan dadin sistema sozialak esleitutako baliabidearekiko.
4.3. Baliabide sozio-sanitarioak martxan jarri eta mantentzeko prozesuan bi sistemek behar bezala parte hartzen dutela bermatzea.
4.4. Modu integralean erantzutea biztanleriako kolektibo jakin batzuei, adibidez, gaixotasun kronikoak dauzkaten pertsonei; buru-gaixoei, goizegi, pisu gutxirekin edo ezgaitasunak izateko arriskuarekin jaiotako umeei; ezgaitasunak dauzkaten pertsonei edota arreta sanitario berezi gehiago behar duten pertsonei.
Gaixotasun mentalak dituzten eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen kasuan, haiei eskaintzen zaizkien baliabideek –normalean sozio-sanitarioak izaten dira– bi sistemen artean behar bezalako koordinazioa eskatzen dute; eta, ondorioz, beharrezkoa da baliabide horien kostuak partekaturik onartzea, eta ez dirudi hiru lurraldeetan modu orekatuan egin denik.
Halaber, lehentasunezkoa da paziente psikiatrikoak arreta sozio-sanitariorako euskal Kontseiluak erdietsitako egitura sozial normalizatuetan kokatzeko akordioak osoki betetzea.
5. Toki-erakundeei behar besteko finantzaketa ematea AMAL indarrean sartu zela-eta egokitu zaizkien zereginen areagotzeari aurre egin ahal izateko, eta erakunde horiek gizarte-politiken diseinuan protagonismo handiagoa izatea bultzatzea
Toki-erakundeek, AMAL indarrean sartu zela eta, zeregin gehiago hartu dute beren gain. Gainera, Gizarte Zerbitzuen Legeak menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin eta autonomia pertsonalaren sustapenarekin zuzenean lotuta dauden hainbat eskumen esleitzen dizkie. Ondorioz, beharrezkoa da toki-erakunde horien finantzaketa zeregin horiei behar bezala aurre egin ahal izateko nahikoa dela bermatzea.
Zerbitzuen hornikuntzan administrazio batek baino gehiagok esku hartzen dutela kontuan hartuz, komenigarria dirudi herritarrengandik hurbilen dauden administrazioei protagonismo handiagoa ematea, ziurrenik egokienak baitira banakako beharrei erantzuteko egokiak diren irtenbideak proposatzeko.
6. Baliabide sozialak sortu eta mantentzera bideratutako lanarekin jarraitzea, hala nola, menpekotasun-egoeran dauden herritarrei eta haien zaindariei zuzendutako zerbitzu, prestazio eta programekin
Autonomia pertsonala sustatzera eta menpekotasun-egoerari erantzutera bideratutako zerbitzu eta prestazioen eskaera etengabea eta gero eta handiagoa da, argi dago gaur egungo baliabideak ez direla nahikoa eta beharrezkoa da hutsune batzuk betetzeko baliabideak sortzea. Hori guztia dela eta, beharrezkoa da EAEn azken urteotan gauzatu den inplementazio-lanarekin jarraitzea. Gure erkidegoak ezin du pentsatu nahikoa denik Estatuko Administrazio Orokorrak ezartzen dituen gutxienekoak betetzea.
Oro har, zerbitzuen estaldura-tasak eta prestazioenak pixkanaka gure erkidegoan menpekotasun-egoeran dauden herritarren tasetara egokituz joan beharko lukete. Beharrezkoa da, era berean, baliabideak eskuratzeko itxaron behar den denbora-tartea –plaza-kopurua nahikoa ez izatearen ondoriozkoa– laburtuz joatea, baita oinarrizko zerbitzu jakin batzuk lortzeko itxaron behar dena ere (adibidez, etxez etxeko laguntza edo telelaguntza zerbitzua).
Behin betiko nahiz aldi baterako egoitza-baliabideak, eguneko arretakoak eta etxez etxeko laguntza-zerbitzura bideratutakoak areagotzea ezinbestekoa da AMALek zerbitzu publikoei ematen dien lehentasuna egia bihur dadin. Horrek, gainera, onuradunek beren Banakako Arreta Programaren diseinuan eraginkortasunez parte hartzeko eskubidea izatea bermatzen lagunduko du.
Bereziki, nahitaezkoa da:
6.1. Menpekotasun-egoeretako eta autonomia pertsonalaren sustapeneko prebentzio-zerbitzuak bultzatu eta mantentzea:
– gaikuntza eta terapia okupazionala;
– arreta goiztiarra;
– estimulazio kognitiboa;
– autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzea;
– gaikuntza psikosoziala adimen-gaixotasunak edo ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzat;
– gaikuntza ezgaitasun sentsoriala duten pertsonentzat;
– laguntza pertsonalak eta zaintza egoitza berezietan;
– menpekotasun- edota ezgaitasun-mota desberdinetara egokitutako teknologia berriak gaitzea.
6.2. Hainbat zerbitzu hedatzea, adibidez, bonotaxia, eta diru-laguntzak ere bai, esaterako, hiru lurraldeetako udalerri guztiak egokitzeko edo babesteko produktuak ordaintzera bideratutakoak eta menpekotasun-egoeran dagoen biztanleria guztiari bideratutakoak, adinarekin lotutako mugarik gabe.
6.3. Pertsona bakoitza bere etxean mantentzera bideratutako neurri guztiak indartzea (telelaguntza-zerbitzua, etxez etxeko laguntza, babes-produktuak, etxebizitzaren egokitzapena, eguneko zentroak, aldi baterako egonaldiak edo asteburukoak egoitzetan eta eguneko zentroetan, zaindarien atseden eta babeserako programak, etab.).
Telelaguntza-zerbitzuaren erabilgarritasuna ikusirik –eta administrazioarentzat oso kostu baxua eragiten duela aintzat hartuta–, nahitaezkoa da martxan jartzen denean, menpekotasun-egoeran egonik zerbitzu hori eskatzen duen pertsonarentzat, itxaronaldi luzeegirik ez eragitea.
6.4. Ezgaitasun intelektual edo gaixotasun mentalen bat duten eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arretara eta autonomia pertsonala sustatzera bideratutako baliabideak sortzea, mantentzea eta hedatzea (tartekoko egiturak barne), baita gaixotasun kronikoak dauzkaten eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen osasun-laguntzako eta gizarte-laguntzako behar konplexuei erantzutera bideratutako baliabideak ere. Horretarako beharrezkoa izango da arlo sozialeko eta sanitarioko organo eskudunen artean akordioak lortzea. Puntu honetan bereziki aipatu behar da gaixotasun mentalak dauzkaten adineko pertsonentzako unitateak ez direla nahikoa.
6.5. Gor-itsuei eskaintzen zaien arretan antzeman diren hutsuneak zuzentzea (ez dago pertsona horientzako zerbitzu espezifikorik, beharrezkoa da gor-itsuen arloan artekariaren lana bultzatzea, kolektiboaren inbisibilizazioa, etab.).
6.6. Zaindariei prestakuntza, babesa eta atsedena ematera bideratutako elementu guztiak bultzatu eta mantentzea, baita dagoen erantzukizunari aurre egiteko trebetasunak eta baliozko tresnak hornitzea eta haien osasuna zaintzeko lanak ekar lezakeen eragin negatiboa arintzea. Gure ustez, zaindaria zaintzeak ere osasun-politiken parte izan behar du. Menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arretara bideratutako edozein politikak, egokia eta eraginkorra izan nahi badu, zaindarientzako arreta- eta babes-sistema ezin hobe bat artikulatu beharko du. Horrexegatik da beharrezkoa:
– egoitzetan eta eguneko zentroetan egonaldi laburretarako baliabideak areagotzea;
– etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea estaldura-tasak areagotuz, zerbitzua arintasun handiagoarekin martxan jarriz, zerbitzuaren intentsitateak norbanakoaren beharretara egokituz, eta zaindariei etxeko zereginak egiten laguntzea aintzakotzat hartzea menpekotasun-egoeran dauden adingabe edo pertsona ezgaituen kasuetarako;
– atsedenerako programak, arreta psikoterapeutikokoak, prestakuntza-programak eta elkarri laguntzeko taldeak bultzatzea;
– gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-politiketan sakontzea, zaintzeko lanetan erantzunkidetasuna sustatzeko.
Ez dirudi egokia denik zaindariei babesa eta arreta eskaintzeko programa horietako batzuk adineko pertsonez arduratzen diren pertsonei soil-soilik bideratuta egotea, hau da, menpekotasun-egoeran dagoen edozein pertsona (haren adina edo autonomia-falta eragin dion arrazoia zeinahi izanda ere) zaintzen duten pertsonak kontuan ez hartzea. Komenigarria da babes- eta prestakuntza-neurrien ezarpena hedatzea, edozein kasutan ere, zaindari profesionalak eta ez profesionalak barne hartzeko.
6.7. Menpekotasunaren eta autonomia pertsonalaren araudiaren aplikazioak ukitzen dituen kolektibo nagusien babeserako elkarteek eta erakunde sozialek eskainitako programa eta zerbitzuen egonkortasuna bermatzea.
Aipatutako guztiaren ondorioz, prestazioen eta zerbitzuen eskaera ere menpekotasun-egoeran dauden herritarren beharren isla izatea bermatu beharko da, eskaera hori aldez aurretik baliabideak egotearen edo ez egotearen araberakoa izatera baldintzatu gabe.
7. Herritarrentzako babes-maila osagarriak ezartzea euskal herri-administrazioek beren eskumenak gauzatzen dituztenean
Legearen pixkanakako aplikazio-erregimenarekin eraginkorra ez zen graduko menpekotasun-egoeran dauden pertsonei eskainitako zerbitzuak, Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritakoak baino prestazio ekonomiko altuagoak zehaztea nahiz hark ezarritakoak baino intentsitate handiagoak adieraztea –kasu jakin batzuetan eta lurralde jakin batzuetan erregistratu ditugu– erakunde honek jokabide ontzat jotzen du, eta sustatu behar dela uste du.
Prestazio ekonomikoen zenbatekoa eta zerbitzuen gutxieneko intentsitateak ez direla nahikoa ikusirik, eta kontuan hartuz menpekotasun arineko egoeran dauden pertsonek baliabideak behar dituztela, arrazoizkoa da etorkizunean ere horrelako neurriak hartzea.
8. AMALen 15. artikuluan aurreikusten diren zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen arteko bateragarritasuna ahalbidetzea (baita zerbitzuen artean ere), menpekotasunaren aurreko arreta egokia eta autonomia pertsonalaren sustapen eraginkorra bermatzeko
Menpekotasun-egoeran dagoen pertsona bakoitzak eguneroko zereginak gauzatzeko dauzkan beharrei erantzutea, sarritan, ezin da lortu zerbitzu edo prestazio bakar bat esleitzen baldin bada. Zerbitzu bat baino gehiago eta horiek eta prestazio ekonomikoak aldi berean erabiltzeak menpekotasun-egoeran dagoen pertsona bakoitzak dauzkan beharretarako arreta hobeto egokitzea ahalbidetzen du.
Kasu askotan, menpekotasunak edota ezgaitasunak gainkostu bat eragiten die egoera horretan dauden pertsonei eta haien familiei. Hori dela eta, prestazio ekonomikoa eta zerbitzuaren edo zerbitzu zehatz batzuen arteko bateragarritasunak hobetu egiten du pertsona horiei eskainitako arreta.
Bizkaian zerbitzuen eta prestazio ekonomikoen artean dagoen bateraezintasunak ez dirudi egokia, adierazitakoaren arabera.
Araban eta Gipuzkoan zerbitzuak eta prestazioak bateragarriak dira; baina, nolanahi ere, prestazio ekonomikoen artean diskriminatzailea izan litekeen bateraezintasun bat dago. Hortaz, eguneko zentroko zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomiko bat jasotzen dutenek ezin dute familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikorik (FIZPE) jaso, baina sare foraleko eguneko zentroak erabiltzen dituzten pertsonen kasuan ez da gauza bera gertatzen. Bestalde, lurralde horietan aldi berean prestazio ekonomikoak eta zerbitzuak erabiltzearen ondorioz aplikatzen diren murrizketak, kasu batzuetan, gehiegizkoak dira.
Zentzu horretan, gure ustez, komenigarria izango litzateke:
8.1. Bizkaian zerbitzu eta prestazioetarako ezarritako bateraezintasun-erregimena berrikustea, baita etxeko laguntza-zerbitzuarekin (ELZ) lotuta lurralde horretan zenbait udalerritan aplikatzen den irizpidea ere.
8.2. Araba eta Gipuzkoa lurraldeetan, lehen aipaturiko kasuan ezarrita dagoen prestazio ekonomikoen arteko bateraezintasun araubidea berriz aztertzea, baita prestazio ekonomikoak eta zerbitzuak aldi berean ematen direnean aplikatu beharreko murrizketak ere.
9. Autonomiarako eta Menpekotasunaren Arretarako Sistema hobetzeko paper proaktiboa onartzea, Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistemaren (AMAS) Lurralde Kontseiluan Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek duten ordezkari-paperari jarraiki egindako lanaren bidez
Beraz, komenigarria izango litzateke Lurralde Kontseiluan parte hartzen duten herri-administrazioek beren jarduerak helburu hauetara bideratzea:
9.1. Menpekotasun-egoera guztiak behar bezala baloratzea ahalbidetzen duen baremo bat lortzea –eta bereziki aipatzekoak dira ezgaitasun intelektualarekin, ezgaitasun sentsorialarekin, gaixotasun mentalekin eta jokabide- eta kognizio-arazoekin lotutakoak– eta autonomia pertsonalarekin, parte-hartzearekin eta komunikazioarekin lotutako dimentsio berriak barne hartzea.
9.2. Menpekotasunaren nozioan iraunkortasun-izaera duten egoerak ez ezik, iraunkorrak izan ez arren menpekotasun-egoeraren iraupen luzea dela eta menpekotasun iraunkorraren pareko arreta merezi dutenak edo beste norbaiten laguntza jarraitua ezinbestekoa izateko moduko larritasun-mailakoak direnak barne hartzea.
9.3. Menpekotasunaren babesa Gizarte Segurantzaren esparruan barne hartzearen egokitasunari buruz hausnartzea, eta horrek dakartzan aldaketak egitea finantzaketan eta dagokion jurisdikzio eskudunean. Eta, horren harira, Gizarte Segurantzako asistentzia-mailak eskain litzakeen aukerak baloratzea.
9.4. Menpekotasun-egoeran dauden pertsonak ordezkatzen dituzten hirugarren sektoreko erakundeek Menpekotasunaren Sistema Nazionaleko Aholku Batzordean parte hartzea (AMALeko 40. artikulua).
9.5. Zerbitzuen zorroa egokitzea, zaindarientzako zuzeneko zerbitzuak barne hartzeko (prestakuntza, babesa eta aholkularitza).
9.6. AMALeko 5. artikulua argitzea eta modu murriztailean interpretatzea ekiditea.
9.7. Gehienezko epea laburtzea menpekotasun-egoera onartzeko eskaera aurkezten denetik zerbitzua edo prestazioa benetan esleitzen den artean.
10. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen hedapena eta garapena AMALen garapenarekiko eta aplikazioarekiko koherentea izatea bultzatzea
Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistemaren (AMAS) ezarpenaren eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema finkatu eta zabaltzearen artean lotura egotea ezinbestekoa da.
10.1. Bi sistema horiek (AMAS eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema) garatzea eta hainbat alderdirekin harmonikoak eta koherenteak izatea bermatu beharko da, adibidez, prestazio eta zerbitzuen zorroaren arauketarekin, pertsonek prestazio eta zerbitzu horien finantzaketan parte hartzeari buruzko arauketarekin, bi sistemak finantzatzeko ezar litezkeen neurriekin, etab.
10.2. Beharrezkoa izango da menpekotasunaren arloko balorazio-tresnak (menpekotasuna baloratzeko baremoa –MBB–) eta orientaziora bideratutakoak (BAP) Gizarte Zerbitzuen Legean aurreikusitako instrumentu komunekin (fitxa soziala eta banakako arreta plana) lotzea. Zentzu horretan, komenigarria izango da baloratzea beharrezkoa ote den instrumentuak jarduera-esparruen arabera (autonomia/menpekotasuna, gizarteratzea/gizartetik baztertuta egotea eta babesgabetasuna) eta zerbitzu- edo prestazio-motaren arabera bereiztea.
Nolanahi ere, egokia izango da gizarte-zerbitzuen sistemaren eta AMASen arteko koexistentzia-esparrua argitzea.
11. Praxia aldatuz edo, egokia denean, aplikatzen den araudia aldatuz, antzemandako arazo jakin batzuk zuzentzera bideratutako neurriak martxan jartzea
Atal honetan, ezaugarri bera duten askotariko gaiak aipatuko ditugu –guztiek eskaintzen dute gure administrazioek aprobetxa dezaketen hobekuntza-aukera bat–:
11.1. Menpekotasuna baloratzeko baremoa (MBB) aplikatzea autonomia pertsonalerako bestelako babesen beharra (esate baterako, adimen-gaitasunarekin lotutakoak), zereginak gauzatzeko ekimen-maila eta zailtasun kognitiboak, jokabidearekin lotutakoak, autodeterminazio pertsonalekoak edo inguru soziala ulertzearekin lotutakoak neurri handiago batean kontuan hartzen dituen eta testuinguruan kokatuta dagoen analisi bat eginez.
11.2. Balorazio-taldeak osatzen dituzten profesionalen kualifikazioa bermatzera bideratutako prestakuntzarekin jarraitzea, baita eskaera egiten duen pertsonaren etxera elkarrizketak egitera doazen profesionalena bermatzera bideratutakoarekin ere, eta, horretarako, menpekotasunari eta ezgaitasunari buruzko ikastaroak antolatzea, eta balorazio-taldeek kontaktu formalak izatea ezgaitasunak dauzkaten edo menpekotasun-egoeran dauden pertsonen kolektiboen (adineko pertsonak, ezgaitasun fisikoa, intelektuala edo sentsoriala duten pertsonak, gaixotasun mentalak dauzkatenak, etab.) ordezkari diren erakunde sozialekin.
11.3. Balorazio-taldeen osaketari dagokionez, hobe litzateke taldeek gero eta neurri handiagoan izatea diziplina-artekoak, hainbat esparrutan gaitasunak izatea (gizartea, medikuntza, erizaintza, fisioterapia, terapia okupazionala, psikologia, psikiatria, neurologia, geriatria, pediatria, etab.), eta talde horietan osasun-arloko eta diziplina sozialetako profesionalen presentzia orekatua bermatu beharko litzateke.
Komenigarria da talde horien kualifikazioa eta haien kudeaketaren kalitatea kontrolatzeko mekanismoak sortzea.
11.4. Balorazioaren prozedurako azpi-faseren batean beste erakunde batzuk azpikontratatzeak arintasun handiagoa ematen duela eta horien kaudimena egiaztatuta dagoela kontuan hartu gabe ere, komenigarria dirudi zeregin horietaz foru-erakundeetako langileria arduratzea, izan ere, eskuratzen diren datuak oso-oso pertsonalak dira; hartara, independentzia-printzipioa bermatuko da eta AMALeko 28.6 artikulua beteko da.
11.5. Arreta jaso dezaketen egoeratzat jotzea "iraunkorrak" izan ez arren autonomiarik gabeko egoeraren iraupen luzea dela-eta menpekotasun iraunkorraren pareko arreta merezi dutenak edo beste norbaiten laguntza jarraitua ezinbestekoa izateko moduko larritasun-mailakoak direnak. Kasu horietan, menpekotasun-egoera berrikusteko eta jarraipena egiteko mekanismoak martxan jarri beharko lirateke.
11.6. Administrazio-prozedura bakarrean barne hartzea egungo prozesuaren hiru faseak –sarritan prozedura bat baino gehiago gainjartzea eragiten da eta–: menpekotasun-gradua eta -maila zehaztea, BAP lantzea eta zerbitzua edo prestazioa esleitzea; eta, horrez gain, prozedura bakar hori ebazteko hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzea.
Gure ustez, menpekotasunaren esparrua oso delikatua da, eta esku-hartzearen azkartasuna funtsezkoa da. AMALek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen (HAAJ eta APE) azaroaren 26ko 30/1992 Legera bidaltzen duenean, ez litzateke hiru hilabeteko epea gainditu behar eskaera aurkezten denetik (interesduna menpekotasun-egoeran dagoela eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea onartzeko eskaera) kasuan kasuko zerbitzua edo prestazioa esleitzeko ebazpena xedatzen den arte. Bestalde, kontuan hartzekoa da zerbitzu batzuk eskaintzeko ezinbestekoa dela plaza libreak egotea, eta plaza nahikoa ez egotearen ondorioz atzeratu egin daitekeela.
Nolanahi ere, menpekotasun-egoera onartzen denetik BAPa egiten den arte igarotzen den denborak ez du, inola ere, 15 lanegun baino gehiagokoa izan behar, interesdunari egotz dakizkiokeen atzerapenak baldin badaude izan ezik.
Aipatutakoa ikusirik, egokia litzateke gehienezko epe horiek kasuan kasuko araudietan zehaztea; hartara, prozedura argituko da, baita segurtasun juridikoa bermatu ere.
11.7. Prestazio ekonomikoei legokiekeen eragin-egunari dagokionez, ez dirudi EAEko errealitate sozioekonomikorako egokia denik Estatuko Administrazio Orokorrak defizit publikoa gainditzeko hartu duen formula; alegia, eskatzaile berrientzat kendu egiten duena prestazioen ordainketak atzeraeragina izatea eskaera aurkeztu zen egunera arte, eta AMALeko lehenengo azken xedapenak atzeraeragin hori ezartzen zuen. Hori dela eta, gure ustez, autonomia erkidegoei babes-maila osagarri bat ezartzeko eman zaien eskumenaz baliatuz, egokia litzateke eraginak eskaera aurkezten den uneraino atzeratzea.
11.8. Ebazpenen hizkera sinplifikatzea hartzaileek errazago uler ditzaten.
11.9. Urtero kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratzea prestazio ekonomikoen zenbateko zehatzak, segurtasun juridikorako printzipioaren arabera. Komenigarria litzateke argitalpen horretan gehiegizko atzerapenak ekiditea –Estatuko Administrazio Orokorrak zehaztutako kopuruak ezagutu ondoren– eta urteko lehenengo hilabeteetan argitaratzea.
11.10. Koordinazio-mekanismo egokiak sortzea Banakako Arreta Programan zehaztutako zerbitzuak toki-erakundeek eskaini behar dituzten kasuetarako.
11.11. Autonomia pertsonalaren sustapenerako eta menpekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarako eskubidearen titulartasunari buruzko 2.3. atalean eta izapidetu ditugun kexen gaineko 5.13.2., 5.13.3., 5.13.4. eta 5.13.5. ataletan egin dugun analisia ikusirik, gure ustez, gure administrazioek bermatu egin beharko lukete honako hauek Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistemara (AMAS) jo ahal izatea:
– Menpekotasun-egoeran dauden adingabe guztiek, haien jatorri nazionala edo aldez aurretiko administrazio-egoera zeinahi izanda ere, berdintasun-printzipioari jarraiki, baita neska-mutilak beren jatorri nazionalagatik diskriminatzeko debekua betez eta adingabeen interesa aldi berean dagoen beste edozein interes legitimoren aurretik lehenesteko printzipioa betez ere.
Eskubidearen titulartasuna ezingo du oztopatu haren gurasoen egoera administratiboak, ezta administrazio-egoera erregularrean epe jakin bat daramatela ziurtatu ezin izateak ere.
– Nazionalitate espainiarra bereganatu duten eta bost urteko egoitza (horietako bi eskaera egin aurreko bi urteak izanik) ziurtatu ahal duten pertsonek. Zentzu horretan, ez dirudi egokia jatorriz Europar Batasunetik kanpokoak izanik espainiar nazionalitatea lortu duten pertsonek bost urte administrazio-egoera erregularrean daramatela frogatu behar izatea.
– Europar Batasunekoak izanik menpekotasun-egoeran dauden herritarrei (eta Batasuneko erregimena aplikatu behar zaienei) dagokienez, estatuko araudia behar bezala interpretatu beharko da, Batasuneko Itunaren eta Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Itunaren parte diren beste Estatu batzuetako herritarrak Espainiara sartu, askatasunez ibili eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren arabera. Zentzu horretan, pertsona horiek nazionalen maila berean egon beharko dute sistemara jotzeari dagokionez, eta, ondorioz, ez litzaieke aplikatu behar administrazio-egoera erregularrean egon direla ziurtatzeko baldintza.
Planteatutakoaren ildotik, jokabide on gisa gailentzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arabakoak hartu zuten erabakia, hau da, adingabe guztiak, beren administrazio-egoera zeinahi izanda ere, arreta goiztiarrerako zerbitzura bidaltzea.
Europar Batasunetik kanpoko herritarrei dagokienez, administrazio-egoera irregularrean egon arren bost urteko egoitza ziurtatzen dutenen kasuan (eta horietako bat eskaera egin aurreko urtea izanik), gure ustez, komenigarria izango litzateke gure administrazioek, zerbitzu horiek oinarrizkoak direla kontuan hartuz, babes-sistemara sartzeko baldintzak pixkanaka malgutuz joatea.
Horretarako, jakina, beharrezkoa izango da foru-araudian dagozkion aldaketak egitea eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak neurri horiek dakartzan ondorio ekonomikoak bere gain hartzea.
Oro har, gure ustez, AMASen babes-sistemara jotzeko exijitzen diren baldintzek ez lukete Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legean Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemara jotzeko aurreikusten direnak baino murriztaileagoak izan behar.
11.12. Barne Ministerioarekin komunikatzeko bideak bultzatzea, egoiliartasuna lehenago egiaztatzeko.
11.13. Zaindari ez-profesionalek eskainitako arretaren kontrola eta jarraipena egiteko neurriak indartzea menpekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko egokia dela bermatzeko, uneoro (behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa, behar beste denbora ematea, etab.), eta arretaren kalitatea egiaztatzeko, eta, horrela, babesgabetasun-egoerak edo arreta defizitariokoak prebenitzea. Horretarako, berebiziko garrantzia izango du oinarrizko gizarte-zerbitzuek herritarrekiko duten harreman estua.
11.14. Txosten honetako 5.13.9. atalean egindako analisia ikusirik, komenigarria litzateke Arabako Foru Aldundiak zaindari ez-profesionalei familiaren barruko zaintzarako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskatzen dien betekizun bat kentzea, hau da, menpekotasun-egoeran dagoen pertsonaren etxebizitzan gutxieneko denboraldi batez bizi izan dela ziurtatzeko baldintza.
11.15. Komenigarria izango litzateke zaindari ez-profesionalei exijitzen zaizkien baldintzak arintzea (adibidez, menpeko pertsonarekin batera bizitzea edo senidea izatea) oso egoera berezietarako, hau da, izatezko baldintzek menpekotasun-egoeran dagoen pertsonak arreta egokia jasotzea bermatzen dutenerako.
11.16. Laguntzaile pertsonalak laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzeko bete behar dituen baldintzei buruz 5.13.10. atalean egin dugun analisiaren arabera, gure ustez, senidea izatea ez da oztopo izan behar kasuan kasuko pertsonak laguntza pertsonalaren lana profesionalki gauza dezan, eta ez du eragin behar hark jarduera hori gauzatzeko duen prestakuntza edo egokitasuna gutxiestea. Egokiagoa litzateke langileak exijitzen diren baldintzak betetzen dituen ala ez egiaztatzea, kasu bakoitzean, baita jarduera edo ogibide horretan aritzeko prestakuntza duen eta benetan soldatapeko profesional gisa diharduen ere.
11.17. Eusko Jaurlaritzak onartu egin beharko luke ezgaitasunak dauzkaten pertsonen arretarako (65 urte baino gutxiagokoak) egoitza-zentroei eta eguneko zentroei buruzko arauketa autonomikoa, eta, horrez gain, adineko pertsonentzako egoitza-zerbitzu sozialen araudia eguneratu egin beharko luke.
11.18. Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren kontrolerako eta jarraipenerako programak ezartzea edo, egokia bada, berreskuratzea, zerbitzu horren kalitatea bermatzeko eta hura eskaintzean egon litezkeen gertakizunak konpontzeko.
11.19. Haien titulartasuneko zerbitzuen kontratazioan, menpekotasunaren arretarako eta autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzu publikoen kudeaketa esleitzerakoan eta esparru horretako profesionalen prestakuntzan lehentasuna ematea hirugarren sektoreko irabazi asmorik gabeko erakundeei, erabilgarritasun publikoko erakunde gisa kalifikatuei, menpekotasun-egoeran dauden pertsonen eta ezgaitasunak dauzkaten pertsonen eskubideak sustatzeko lanean ibilbide luzea daukatenei.
11.20. Zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoaren gaineko araudiak egokitzea eta kasu hau barne hartzea: dagokion lurralde-esparruan baliabidea badagoen arren, garraio egokirik ez izateagatik, zentroa urrun dagoelako edo kasuan kasuko behar berezietara egokitutako zentrorik ez dagoelako ez denean komeni pertsona onuraduna lekuz aldatzea.
11.21. Premiazko beharrei erantzutera edo arintzera bideratutako neurrien ezarpenean sakontzea.
11.22. Arreta Soziosanitariorako Euskal Kontseiluak 2011ko otsailaren 28an onetsi zuen Arreta Goiztiarreko Eredua Euskal Autonomia Erkidegorako agirian jasotako proposamenak eta aurreikuspenak gauzatzeko neurri egokiak martxan jartzea. Horretarako, nahitaezkoa izango da egokiak diren baliabideak sortu eta egokitzea; sistema soziala, sanitarioa eta hezkuntzaren arteko koordinazioa lortzeko bide aproposak sortzea; arreta 6 urtera arte luzatzea bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak hornitzea; Araba eta Gipuzkoako kasuetarako araudi espezifikoa onestea, eta, Bizkaiaren kasuan, dagoen araudia egokitzea. Hori guztia prebentziora, gabezien arriskuak goiz antzematera eta neska-mutilen gaitasun fisikoa, mentala eta soziala ahal beste garatzea lortzea.
12. Sektore publikoan eta pribatuan familiako eta laneko bizitza bateratzea sustatzera bideratutako jarduerak bultzatu eta indartzea
Familiarekiko jarrera arduratsua duten enpresei babesa ematea, menpekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzearekin bateragarriak diren lanaldiak ezartzea, bateratzera bideratutako diru-laguntzak ematea eta egiten duten zaintza-lana behar bezala ziurtatzen duten pertsonek lan-zentrora fisikoki joatea ordezkatzea ahalbidetzen duten teknologiak erabiltzea dira, besteak beste, helburu horretarako planteatzen diren neurri batzuk.
[94] 238/2010 Dekretua, irailaren 14koa, Gizarte-zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzarena.
[95] Eskuragarri dugun informazioaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundia
k informazioa eskuratzeko garatutako sistema partekatua (EXTRANET) emaitza onak ematen ari dela dirudi, eta gizarte-zerbitzuak eta osasun mentaleko zentroak sistema horretara sartzea ahalbidetzen du.